Zer da indarkeria sexista?

Indarkeria sexista emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten indarkeria da. Harreman hierarkikoetan oinarritzen da. Gizonak emakumeen gainetik ezartzen ditu, eta, horren ondorioz, emakumeek eskubide eta aukera gutxiago dituzte. Espazio eta esparru guztietan gertatzen da, eta mundu osoko emakumeek jasaten dute, hau da, egiturazko izaera dauka: familian, eskolan, aisialdian, kirolean, garraio publikoan, musikan, pelikuletan, sare sozialetan, eta abar. Hala ere, eraso sexual gehienak konfiantzazko eremuetan izaten dira, ezagunen partetik, eta modu ezberdinetara azaltzen da: irainak, “piropoak”, mespretxuak, jelosia, xantaia emozionala, baimendu gabeko ukitzeak, eraso fisikoak, ziberjazarpena, bortxaketak…

Zer egin eraso bat ikusten baduzu?

  • Emakumearengana joan, aurkeztu zure burua eta galdetu laguntzarik behar duen. Emakumeak berak erabakiko du laguntza nahi duen edo ez 
  • Entzun enpatia handiz erasotuak esateko duena (azalpena, beharrak…). Ez jarri zalantzan kontatzen diguna, ez epaitu eta ez errudun sentiarazi. Errespetatu haren nahia eta jakinarazi ez dagoela bakarrik. 
  • Lagundu. Laguntza nahi izanez gero, toki lasai batera joan. Ez utzi inoiz bakarrik. Informazioa eman edo laguntza bila joaten lagundu. 
  • Zure lagunen bat neskaren batekin “pasatzen” ari dela ikusten baduzu, beste lagunen laguntza bilatu eta geldiarazi “pasatzen” ari dena. Ez justifikatu erasorik. 
  • Informatu, arreta telefonoen berri eman. Neskari jakinarazi laguntza eska dezakela, salaketa jarri nahi badu edo jarri nahi ez badu ere (egoera erregularizatu gabeko emakumeek ere besteen eskubide berberak dituzte). Nahi badu, zuk deitu dezakezu. 
  • Etxean zaudela oihuak, liskar hotsa edo horrelakoren bat entzuten baduzu, atera eta begiratu zer gertatzen den. 
  • Egoera larria bada edo hurbiltzea arriskutsua dela iruditzen bazaizu:
  • Zarata atera, sua dela oihukatu, errieta egin erasotzaileari, jakinarazi lekukoak daudela…
  • Bitartean, deitu eta abisua eman.

SEXU ERASO LARRIA IZANEZ GERO.

  • Oso garrantzitsua da, frogak ez ezabatzeko, osasun zentrora joan arte ez garbitzea arropak eta gorputza (ahoa, genitalak, gainerako gorputzeko zatiak…). Ahoko sexu erasoa izan bada, ez edan eta jan ezer.
  • Saiatu erasotzailearen inguruko informazioa memorizatzen (zer daraman jantzita, nondik joan den…).

BALIABIDEAK ETA TELEFONOAK

ARRISKUAN BAZAUDE:

SOS DEIAK 112 (24 ordu)

INFORMAZIOA/ARRETA NAHI BADUZU:

SATEVI: 900 840 111 (24 ordu)
Gizarte Ekintza: 943 481 400
Donostiako Emakumeen Etxea: 943 483 470